Urkiola Landa Garapenerako Alkarteak jardunaldiak sustatu ditu Durangaldeko elikadura-komunitatea sendotzeko helburuarekin. Ekoizle eta kontsumitzaileek bat egin ahal izan dute Elikadura Osasungarriaren eta Durangaldeko Lehen Sektorearen iraupenaren alde.
Jardunaldietan, Durangaldeko barazki, ogi, haragi, txakolin, sagardo… ekoizleak, saltzaileak, kontsumo taldeak, gaiarekin sentsibilizatuta dauden kontsumitzaileak eta sektorearekin lanean ari diren hainbat elkarte batu gara.
Lehen jardunaldian Tokiko elikadura-komunitatearen alde lan egiten duten bertako elkarteen esperientziak ezagutu ahal izan ditugu lehen eskutik.
Bigarren jardunaldian berriz, Neus Monllor eta Saioa Alvarez adituek gidatuta, tokiko elikadura-komunitatea eratzeko bidea osatzen joateko, tokiko elikadurarekin zerikusia duten proiektu kolektiboetan parte hartzeko moduak aztertu ditugu.
Sektorearen errealitatea ekoizleen ahotik ezagutzeko aukera izan dugu eta guztiok batera egungo errealitateari buruz hausnartzeko. Hausnarketa horretan, besteak beste, belaunaldi aldaketa, kontsumo ohiturak, eskari eta eskaintzaren arteko oreka, diskurtso bateratu baten falta, negozio eredu jasangarriak, lanbidearen bokazioa eta komertzializazio eta banaketa ereduei buruz aritu gara.
Durangaldeko lehen sektoreko eragileen beharrak eta nahiak gertutik ezagutzeak etorkizunerako proiektu kolektiboak lantzeko pistak eman dizkigu eta elkarrekin lanean jarraitzeko motibazioa indartu du.