Elikaduraren inguruko eztabaidan, iturri desberdiñetako datuak datozkigu behin eta berriz. Bizitzeko eta kontsumitzeko dugun abiadurak, zein sistemaren norabideak ez gaituela inora eramango azpimarratuz. Egoera larri honetan, sukaldatzeak momentu hori kontrolatzera eta erabaki onak hartzera eramango gaitu, gure ingurua eta osasuna bermatuz. Jokin Idirinekin, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan lizentziatua eta prestatzaile fisikoa Ekanan (Durango), eta Beñat Ormaetxearekin, Jauregibarriako sukaldari eta jabea eta ESHB-ko irakaslea, gai hauek sakonduko ditugu.
Garrantzitsuak dira sukaldatze ohiturak osasunarentzat?
Sukaldatzeari buruz hitz egiten dugunean, ahoratzen dugun elikagai bat eraldatzeko gertaeratik haratago goaz – edo joan beharko genuke. Sukaldatzearen ekintzak, soilik, osasun fisikoa, mentala, zein gure planetarena, barne, hartzen ditu. Idirinek, osasun fisikoaren inguruan, “kontzienteki eta borondatez sortutako edo landutako elikagai batek, egoera kontrolpean mantentzen laguntzen digula” nabarmentzen du. Elikagaia ikutzeak, usaintzeak edota jatorria ezagutzeak, nahitaez, kontzienteago egiten gaitu. Bai jaten dugunaz, eta baita besteentzat sukaldatzen dugunaz. Elikadura osasuntsuago baten ardura eta interesa ere pizten du: ez datza sukaldatzean bakarrik, baizik eta modu onuragarri baten egiteaz; gaitz kardiobaskularrak, obesitatea eta osasunarekin erlazionatuta dauden beste hainbat arazo elikadura ohituretatik datozenean.
Ormaetxeak, “sukaldatzeko ohitura osasunerako oso garrantzitsua da, gure gorputzantzako elikadura egoki bat bermatzeko bide bakarra da”, diño.
Idirinek azaltzen duenez, “ikuspuntu sikologiko batetik begiratuta, sukaldatze jarduera eta ariketa fisikoa konparatzea posible izango litzake. Frogatuta dago, ariketa fisikoak gorputzean aldaketa kimikoak sortzen dituela – endorfinen jarioan, adibidez – gizakiaren osasunari onurak ekarriz. Esango nuke, gizakiok dugun elikatzeko beharrak eta prehistoriatik hona sukaldatzen hartutako ohiturek zerikusia dutela. Elikagaiak sortu eta eradaldatzeak, naturalki, ondo sentiarazten gaitu”. Ormaetxea ere, sukaldatzearen jarduera ikuspegi sikologikoarekin batzearekin bat dator: “elikadura dezente batek pertsona baten umorea alda dezake. Sukaldatzea, osasuntsua, terapeutikoa, edota lasaigarria izan daiteke”.
Gero eta gutxiago sukaldatzen dugu. Eragiten digu? Zelan?
Zuk sukaldatzen ez baduzu, beste norbaitek egingo du zure ordez. Zorte onez bikoteak edo senitartekoren batek egingo du, eta zori txarrez bazaude, industria izango da. Sukaldatze lanak beste batzuen eskuetan uztera eraman gaitu gaur egungo bizi abiadurak. Zelan eragiten digu lehentasunen aldaketa honek? Gure elikadura bigarren maila batean uzten ari gara?
Idirinek gorago azpimarratu duen bezala, sukaldatzeak gure elikaduraren boterea eta kontrola handitzen du, kontrara “sukaldatze faltak elikatzerako orduan kontrol gabeko egoerak sortzen ditu: ahora zer darmagun eta zein egoeratan jatan dugun jakitea gero eta zailagoa da”. Lehentasunen eta denboraren aurrean, Ormaetxeak diño: “Pertsona bakoitzak uste duen balioa ematen die gauzei, beraz, denbora gehiago edo gitxiago izatea, norbanakoen kontua da. Dena den, gaur egun mugikorra bezalako tresna digitalei eskeintzen diegun denbora eta gure buruari eskeintzen diogun denboraren inguruan gogoeta egin beharko genuke”.
Egoera honen aurrean, gure sistema maiteak beharrezkotzat jotzen ditugun (baliteke gutxi batzuen interesen alde sortutako beharrak izatea) hainbat irtenbide azkar eta eroso jarri dizkigu eskura: klik edota mikrouhin-labe baten erreztasunarekin elikatzera. The Business Insiderrek, 2022ko urtarrilaren 20an argitaratutako datuen arabera “Espainian 2.328 milioi euro inguru gastatzen ditugu merkatu honetan – delivery-an. Pandemia aurretik baino %53 gehiago”. Datu ikaragarriak dira eta gero eta altuago diote: geroz eta gutxiago sukaldatzen dugu eta gure osasuna beste batzuen eskuetan uzten gabiltza. “Sistemarentzako zein gizarte orokorrarentzako, osasuna ez da helburu nagusia. Arin ahazten zaigu, automakikoki, robotak bagina bezala”. Kasu honen inguruan Idirinek dio, “erraztasunez jotzen dugu delivery zerbitzu horietara, ultraprozesatua den produktu hori kontsumitzera, oso erraza da ta. Klik bat besterik ez dugu behar etxean bertan edukitzeko”.
Nahiz eta Ormaetxeak sukaldatzea guztiz babesten duen, delivery -ra jotzekotan, kalitate onekoak zein txarrekoak daudela azpimarratzen du. “Kalitate onekoak aurkitzen saiatu behar gara. Argi dago eskaintzak hobetu egin behar duela baina kontsumitzaileak ulertu behar duena, kalitatezko produktu artisau batek beste kostu ekonomiko bat duela da. Prest gaude elikadura osasuntsuago bategaitik gehiago ordaintzeko?”, zalantzan jartzen du.
Jaten eta sukaldatzen, ikasi behar da. Nortzuk dira gure nutrizio hezkuntzaren arduradunak?
Elikadura osasuntsuak ez du behar bezalako indarra gure agenda publikoan. Begibistakoa da: bereizitako profesional eta dietista-nutrizionista gutxi daude gure eskola publikoetan, elikadurak ez du merezitako atentzioa jasotzen; ezarritako etiketatze-sistemak, Nutriscore adibidez, murritzak eta nahasgarriak dira, nutrizio-informazioaren dibulgazioa ez da beti zorrotza eta ia ez dago kontrolatuta, ikastetxe publikoetako jantokietako elikadura ez da egokia, eta abar. Nortzuk dira arduradunak? Denok dugu erru pixkat gai honen inguruan?
“Hezkuntza nutrizionalaren gabeziari erreferentzia eginez, errudunak gu garela esango nuke, gizartea bera”, dio Idirinek. “Errua umeekin gaia lantzen ez duten ikastetxeei eta erritmo honetan bizitzera behartzen gaituen sistemari egozten diot: dena azkar nahi dugu, eta horrek modu egokian elikatzearen ideia distorsionatu bat hartzera garamatza”, gehitzen du.
Ormaetxeak, bestalde, familia arloa gehitu dio gaiari. “Nik beti esaten dut hezkuntza etxetik eta ikaskuntza eskolatik datorrela, eta biak eskutik joan behar dutela, bata bestearen zutabe delako, eta alderantziz. Horregatik, aspalditik esaten dut etxeko elikadura ohiturak, ordenatuak eta kalitatezkoak izan behar direla, eta eskoletan, lehen hezkuntzatik, nutrizioari eta elikadurari modulu bat bereizi beharko litzaiokela, hain didaktikoak edo garrantzitsuak ez direnak ordezkatuz, hautazkoak izan daitezkeenak, hala nola etika edo erlijioa.
Idirin bat dator, “nire ustez aldaketa hezkuntza zentroetatik kontzientziazio globalerantz eta norberarenganaino joan behar du”. “Gaur egun, profesionalak daude janaria prestatzeko ohiturak kudeatzen laguntzeko, hala nola nutrizionistak eta sukaldariak, elikagaiak erosteko eta sukaldaritzako estrategiak sortzeko. Ez dut lan konplexu gisa ikusten, kontzientziazio arazo bat dela uste dut, mundu iraunkor eta osasungarri baten alde borrokatu nahi izatearen falta”.
Beste hainbat ohiturarekin gertatzen den bezala, sukaldatzearena hartu genezake. Zein motibazio aurki ditzakegu horretarako?
Elikadura osasungarria eramatea eta janaria prestatzen denbora ematea ez da egun batetik bestera hartzen den ohitura, eta norberak egoki iritzitako arrazoi pertsonalak aurki ditzake aldaketa errazteko. Ormaetxeak honako hauek gomendatzen ditu: “lehenik eta behin, jolas dibertigarri bat egitea, erosketatik hasi eta bazkaltzeraino, janaria prestatu, garbitu eta jasotzeraino; bigarrenik, ongizatea eta osasuna helburutzat hartzea; eta, hirugarrenik, janaria prestatzea eguneroko terapia lasaigarri gisa ikustea, baita jatetxe batean edo etxean mahai on batez gozatuz, lagunarteko talde-ekintza gisa ikustea ere.
Idirinek hiru motibazio gehiago eman dizkigu. Baratzea da horietako bat, “harengandik ikastea eta harekin bizitzea”, dio. Kasu batzuetan eskura izatea ezinezkoa de arren, horren ordez, ekoizleekin harreman estua izan eta haien lanari, produktuei, urtarokotasunari eta abarri buruz ikas dezakegu. Era berean, protagonista norbera eta produktua diren tailer praktikoetara joatera motibatzen gaitu, eta, azkenik, “ariketa fisikoa eta honek sortzen dituen ohitura osasungarriak ezagutzera. Gorputzak nola funtzionatzen duen jakitea eta bioenergiaren ikuspegitik ulertzea”.
Posible da ,gure osasuna, egonkorra eta kalitatezkoa den kontsumo bati lotzea? Arlo fisikoa, mentala eta planetaren osasuna barne hartzen dituen osasun holistiko baterantz goaz?
“Baietz uste dut, eta horri buruz ez dut zalantzarik», dio Idirinek, «Hala ere, gizartea nolakoa den eta nola jokatzen duen kontuan hartuta, helburua urrun dagoela esan daiteke”. Kirolaren munduan gero eta gehiago lantzen dira entrenamenduak hainbat diziplinatan – prestakuntza fisikoa, psikologia, nutrizioa, etab. – kirolariaren errendimendua hobetzeko helburuarekin. “Biztanleriaren hainbat baldintza-mailatara estrapolatu daitekeela uste dut. Joerak kontsumo jasangarri eta kalitatezko baterantz garamatza, osasun holistiko eta globalaren bila. Elikaduran eta janaria prestatzeko ohituran ere eman beharko litzateke, eta horrela gertatuko dela uste dut”, ondorioztatu du.
Planetaren osasunari dagokionez, Ormaetxeak adierazten du “etorkizuneko joera jasangarritasunean dagoela, GIHak (NBEk ezarritako Garapen Iraunkorrerako Helburuak) betetzen saiatuz. Bakoitzaren esku dago ahalik eta gehien lortzea eta elikaduraren sektorean gaiari buruz kontzientzia hartzea”. Baina dena ez dago sukaldarien esku: “era berean, bezeroak produktu jasangarria baloratu beharko du berekin dakarren guztiarekin, eta gainera, onuragarria izango da bere osasunerako”. Laburbilduz, Ormaetxeak “ahal den neurrian, gutxiago baina kalitate handiagokoak diren gertuko elikagaiak jatea,” gomendatzen du, ingurunea izanez, hain zuzen ere, ekuazio osoaren funtsezko elementua.
Hainbat txostenek ohartarazi duten bezala, beste jarduera batzuen artean, ekoizpen jarduerak hobetu, elikagaien hondakinak murriztu, arduraz kontsumitu, animali jatorria duten elikagaiak murriztu eta barazkiena handitu behar dira, biztanleria izugarri hazten ari den mundu honetan bizi ahal izateko.
Sukaldatzeak ez du mundua salbatuko, baina tresna baliagarria izan daiteke gure osasunari eta ingurumenari lotutako kontzientzia sortzeko. Sukaldean aritzeak esan nahi du, halaber, eguneroko erritmoa jaistea eta gelditzea, pantailetatik deskonektatzea eta zerbait fisiko, ukigarri eta sentsorialarekin konektatzea. Egunero gure elikadurari leku eta garrantzia ematea, txikienei ohitura onak irakastea, platerean zer jartzen dugun aukeratzeko ahalmena izatea. Eta nola ez, zein ekoizpen motari eta zein ekoizleri laguntzen diogun erabakitzea.
Azken batean, gure kontrolpean egon beharko litzaken gauza baten kontrola berreskuratzea: gure osasuna.
Testua eta argazkiak: Maore Ruiz eta Julia Laich