Testua: Maore Ruiz / Argazkiak: Jon Rekalde
“Maite ditut, maite, geure bazterrak” dio Mikel Laboak, Jose Antonio Artzek idatzitako kantuan. Euskaldunok gure herrialdea maite dugu, harro sentiarazten gaitu. Aldiz, askotan, ez ditugu gure bazterrak hain ondo ezagutzen. Auzo eta herri bakoitzean leku ederrak daude, naturaz betetako inguruak; bainu freskoez gozatzeko pantanoak zein errekak. Globalizazioaren indarrarekin bat goaz gure egunerokotasunaren baitan; lana, etxea, kirola, lagunak… Denbora aprobetxatu beharra daukagu, eta pare bat egun libre ditugun bakoitzean, gure ingurutik irteteko premiak behartzen gaitu, egunak bertan (km0) probestu ezin direlakoan. Batzuetan, ez gara konturatzen, etxe alboan burua beste leku batera bideratzeko eskuragarritasunaz. Gauza berriak, jende berria eta istorio berriak ezagutzeko gogoekin goaz, baina askotan bazterrei merezi eta behar duten atentzioa eskaini gabe. Gure alderdia ezagutzea, disfrutatzea eta jatorria ez ahaztea garrantzitsua da. Azken finean, egunez egun inguratzen gaituenak, erraz disfrutatzeko aukerarik ederrena eskaintzen digu. Uda amaitu egin da, eta udazkenari hasiera eman diogu egun batzuk atzera, hauek freskatzen eta pixkanaka laburtzen doaz. Hala ere, oraindik, planak egin daitezke, eguraldi onaz eta lasaitasunaz disfrutatu, eta naturaren laguntzaz, deskonektatu. Hartu ezazu arratsalde libre bat, kuzinatu, tupper batzuk prestatu, eta joan zaitez afari merienda bat egitera. Zure bazterrez, inguruko pertsonez edota bakardadeaz gozatu. Oraingoan, Jon Rekalde influentzerra eta beste lagun batzuk, inguruko erreka bateko presara joan ginen goiz-pasa. Buruari erakusteko gai gara, ez dela garrantzitsuena lekua ez urruntasuna, baizik eta konpainia eta ongi izana.

Piknik bat egiteko oinarrizko gauzak:
Ez da gauza berezirik behar piknik bat egiteko, nahikoa da etxeko sukaldeko gauzekin. Eramateko tresneria hobe da kristalezkoa ez izatea, apurtzen zailagoa izango da eta. Alde batetik, ia janari guztia eraman daiteke piknik batera. Hurrengoa sasoiarekin bat doan errezeta bat da, baina askotan kontserba lata eta ogi puska batekin nahikoa izan daiteke. Bestalde, kontuan izan beroarekin txarto jartzen diren elikagaiak daudela eta onena horiek saihestea dela.
Piknik-a
● Labana
● Oihal bat (lurrean jartzeko)
● Platerak eta edalontziak
● Koilarak eta sardexkak
● Ahozapiak
● Kortxo kentzekoa
● Plastikozko ontziak (janaria eramateko)
● Zabor poltsa
● Hozkailu txiki bat
● Izotzak



Sardina
10 tostada egiteko osagaiak:
– 15 sardina
– 500 g gatz lodi
– 125 g azukre
– Limoi bat
– 1 postreko koilara oregano
– 4 berakatz ale
– Perrexil sorta bat
– 250 ml oliba olio
– Ogi bat
– Tomate bat
Prestaketa:
1. Laban batekin sardinak kontu handiz xerratu. Eskuz egiteko aukera duzu ere, baina xerrak ez dira hain politak aterako. Errazena arrandegian xerratzeko eskatzea da.
2. Ontzi batean ura eta izotzak jarri. Bertan sardina xerrak 10 minutuz beratu. Horrek odola garbitzen eta xerrak tinkotzen lagunduko digu.
3. Katilu handi baten gatza, azukrea, limoiaren azal birrindua eta oreganoa nahasi. Puntu honetan nahi dituzun espeziak edota belarrak erabil ditzakezu.
4. Xerrak uretatik atera eta trapu baten gainean jarri ondo sikatzeko.
5. Ontzi lau baten, gatz nahastearen lehenengo geruza bat jarri, eta ondoren sardinen beste bat. Geruza hauek tartekatzen joan sardinak amaitu arte. Garrantzitsua da, azkenengo geruza gatzez estalia egotea.
6. Hozkailuan sartu eta 40 minutuz beratzen utzi. Garrantzitsua da denbora ondo neurtzea ere, gehiegi luzatzen bada, gazi atera daitekeelako.
7. Aurreko prozesua amaitutakoan, xerrak hartu eta banan-banan uretatik pasa gatza kentzeko. Ostean, trapu edo paper batekin ondo sikatu.
8. Ontzi baten jarri eta olioarekin guztiz estali. Leku berean beratu, eta perrexila ondo txikituta gehitu.
9. Bukatzeko, gau osoan hozkailuan beratzen uztea gomendatzen da, honela zaporea indartuko da.
Zelan amaitu?:
1. Ogi xerra bat moztu.
2. Pare bat tomate zati ogi gainean jarri.
3. Sardinen olio nahastea tomate gainetik gehitu.
4. Sardina xerra batzuekin amaitu.

Patata entsalada
5 lagunentzat osagaiak:
– Egosteko patata txikiak
– 5 Arrautza
– Luzoker bat
– Tipulina sorta bat
– ½ Uraza
– Belar fresko sorta bat (perrexila, martorria, mihilua)
– ½ Tipula
– 30 g ozpinetako kaparra
– 125 g jogurt
– 1 koilara Dijon ziapea
– Oliba olioa
– Limoia
– Gatza
– Piperbeltza
Prestaketa:
1. Lehenik eta behin, patatak eta arrautzak egosi.
2. Bitartean, kontserba poto batean bizigarria egingo dugu. Jogurta, ziapea, olioa, limoia, gatza eta piperbeltza batera jarri eta potoari eragin dena ondo nahasi arte. Dastatu eta norberaren gustura egokitu. Hozkailuan gorde.
3. Patatak eta arrautzak hozten direnean zati handitan moztu. Horiekin batera luzokerra xafla erditan moztu, uraza eskuarekin zati ertainak egin eta tipula kaparrekin batera ondo txikitu. Ontzi baten gorde dena batera.
4. Tipulina eta gustuko dituzun beste belar freskoak moztu. Tapadun ontzi txiki batean gorde.
Zelan amaitu?:
1. Bizigarria ontzi handienera bota eta sardexka eta koilara baten laguntzarekin ondo nahasi. (Nahi izan ez gero, politago ikusteko, arrautza laurdenak eta luzoker xaflak nahasi gabe utzi gero gainetik kokatzeko).
2. Belar freskoak gainetik bota.
Fruitu gorrien “streusel”-a
5 lagunentzat gailetaren osagaiak:
– 100 g gurin
– 200 g irin
– Gatz pitin bat
– 90 g azukre
– ½ postre koilara kanela hauts
Prestaketa:
1. Gurin hotza dado ertainetan moztu.
2. Osagai siku guztiak katilu handi batean jarri eta ondo nahasi. Gurina gehitu.
3. Atzamarren laguntzarekin pixkanaka osagai guztiak nahasi lur moduko bat lortu arte. Ez da ore uniforme bat sortu behar, zati handiak zein txikiak izan behar dira, baina osagaiak ondo nahasiak egotea beharrezkoa da.
Betegarriaren osagaiak:
– 300 g fruitu gorri
– 3 sagar
– ½ kanela txotx
– 1 koilara Irin
– 3 koilara azukre
– 2 iltze
– 1 anis belarra
– 100 g ur
Prestaketa:
1. Zartagin edo lapiko apal batean osagai guztiak jarri (irina izan ezik) eta su ertainetan kuzinatu.
2. Irina iragazki baten laguntzaz gehitu.
3. Zartagina tapatu eta fruta bigun dagoen arte kuzinatu.
4. Labeko erretilu edo tarta molde batean jarri amaitu bezain laster.
5. Fruitu gorriei gaileta gainetik bota.
6. Labea 190 ºC-tan aurretik berotu. Laberatu eta dena egosi arte kuzinatu (20-30 min).
Zelan amaitu?:
1. Zati bat moztu eta zure platerean zerbitzatu.
2. Izozki zati batekin oso bateragarria da.
