Haztegia Durangaldean sortutako ortugintza ekologikoko nekazaritzako test-guneen programa da. Programaren helburua nekazaritzako sektorera pertsona berriak atxikitzea da, eta ortugintza ekologikoko enpresa-proiektuaren bideragarritasuna testatzeko espazio bat eskaintzen du, gehienez ere 3 urterako.
Familia-nekazaritza enpresetan arazo bilakatu da belaunaldien arteko ordezkapen eza, eta horri aurre egiteko asmoz sortu da proiektu hau. Sektoreak nekazaritza ustiategien % 40 galdu ditzake datorren hamarkadan.
Arazo horri nekazaritza jasangarria sustatuz erantzun nahi zaio, eskualdean ekologikoan ekoizten den lur sailen eremua handituz, gero eta handiagoa den eskariari erantzuteko.
Lursailak jarduerari ekiteko behar den ekipamendu guztia dauka eta, gainera, akonpainamendu integrala (nekazaritza ekologikoan aditua den pertsona baten aholkularitza, formazioa…) eta lege-estaldura ere izango dute. Ander Zorrakin eta Jon Berasaluce dira zerbitzu honen onuradunak, eta lursail eta azpiegiturak (berotegiak, makinak, lanabesentzako etxola eta biltegia) lantzen hasi dira beraien proiektua martxan jartzeko.
Berriz udalerrian dagoen Ortugintza Ekologikoko ustiategian barazkiak ekoitzi eta horiek merkaturatzea da proiektuaren asmoa. Transakzio ekonomikoak egiteko beharrezko lege-estaldura eta Gizarte Segurantza dute bi gazteek.
Hautatuko 2 gazteek sektoreko profesionalen aholkularitzarekin egingo dute lan, eta etengabeko formakuntza jasoko dute. Programa honen helburua da nekazaritzarako belaunaldi berri bat atxikitzea ahalbidetuko duten tresnak berritzea, eta, batik bat, lehenengo sektorean lan egin nahi duten pertsonei bidea erraztea da.
Negozio-eredua zehazteko, esperimentatzeko eta prestakuntza zabalagoa eskuratzeko modu bat da. Lurra lantzeko pertsonarik ezean, ezin zaiola elikadura-sistema bati eutsi jakinda, Urkiola Landa Garapenerako Elkarteak nekazaritza sektoreari apurka atxiki nahi zaizkion pertsona ekintzaileei laguntzeko inguru berritzaile bat lortu nahi du, eta nekazarien belaunaldi berriei errazte-inguru publiko/pribatuetan ekintzaile jardutea ahalbidetuko dien bidea ireki nahi die, nekazaritzako ustiategietan belaunaldien txandakatzea errazteko eta lehenengo sektoreak bizi duen zahartze-prozesua geldiarazteko.