Skip to main content

Eztia, erleak eta erlezaintza

Eztiak milaka urte daramatza gizakion elikaduraren parte izaten. Paleolitoko labar margolanetako erregistroa bere erabileraren froga antzinena da. Historian zehar zibilizazio ezberdiñetako eztiarekiko miresmena ez da bakarrik bere ezaugarri sendagarriegatik edota gozotasun altuko produktu bat izateagatik izan, erleak animali mirestuak izan dira hainbat erligio eta kulturetan.

 

Erlezaintza baita, milaka urtetan zehar egin izan den aktibitate bat da. Nahiz eta denborarekin batera, ikerketak, metodoak eta erabilitako teknologia garatu egin den, helburua berdina izaten jarraitzen du: erleak zaindu eta beraien lanak erraztu, eztia eta sortu eta biltzen dituzten beste produktu batzuk lortzeko. Beraien eta erleen eguneroko lana hobeto ezagutzeko, Hegoi Escudero elkarrizketatu dugu, Atxondon kokatuta dagoen Oizpe proiekturen sortzailea.

 

Hegoik 170 erlauntz ditu Durangaldetik banatuta eta Axpeko lokal txikitxo baten bilketa eta ontziratzea egiten du, beste erlezain batzuekin batera. Nahiz eta kaletarra izan, Basaurikoa, txikitatik izan du lehen sektorearekiko interesa. Derioko nekazaritza eskolan ikasi eta hainbat lantoki ezberdinetan egon ostean, erlezain bihurtzea erabaki zuen. “Beti izan dut erleekiko interesa, naturaren laburpen bat delako, bizitzarena. Erlauntz baten gertatzen denari adi bazaude, zure inguruan gertatzen ari denari adi zaude”, dio Hegoik. 2015ean erlauntz gutxi batzukin hasi zen eta pixkanaka probak egiten, gehiago gehitzen hasi zen eta beste erlezain batzuena zaintzen ere. Baina ez zuen benetako saltoa eman Durangaldeko erlezain handienaren, Mendiolako Roberto Ardanza, ordezkoa hartu zuen arte. Aurtengoa salmenten hirugarren urtea da eta eztiaz aparte propolia ere saltzen du. Berarekin eztiaren bilketaz, sektoreak jasatzen dituen arazo desberdinei buruz eta dibertsifikatzearen garrantziaz hitz egiten dugu.

Eztiaren ekoizpena eta bilketa

Erleek prozesu zehatz eta koreografiko baten bidez sortzen dute eztia. Ezti hori batzeko erlezainak erlauntzak estrategikoki kokatu behar ditu landa eremu desberdinetan, inguruko loraldiak kontutan hartuz. “Ezti erleek (Apis mellifera) lekua izan ez gero bizitzeko behar dutena baino ezti gehiago ekoizteko gai dira, horregaitik guk goitik espazioa ematen goaz ‘altzak’ jarriz”, azaltzen du. Altza horietan, erlauntzez osatutako abaraskak dituzten xaflak daude eta erleek bertan uzten dute eztia. Baina, zelan egiten dute ezti hori?

Loreek sortzen duten nektarrarekin hasten da dena. Ur eta azukrez osatua gehienbat, aminoazidoak, bitaminak eta mineralak ditu beste batzuen artean. Landereekin daukaten erlazio mutualistan, erleek lora bakoitzeko nektarra biltzen dute -polinizazio lan garrantzitsu bat egiten duten bitartean- eta sabelean gordetzen dute. “Beraiek badakite nektar hori kontserbatzeko eta ez hartzitzeko hezetasuna murriztea beharrezkoa dela. Honetarako trofalaxia deritzon prozesua egiten dute, beraien artean musukatuz eta nektarra bata bestearen artean pasatuz. Horrela, beraien enzima batzuekin, hezetasuna murrizten eta ezti bilaktzen doa”, dio Hegoik. Hauxe sakarosa (karbohidrato konplexua)  fruktosa eta glukosan (azukre sinpleak) transformatzerakoan gertatzen da. “Ia prest dagoenean erlazuloan sartzen dute. Guztiz hezetasuna kentzeko aireztatzea besterik ez da geratzen”, beraien hegadekin gertatzen den prozesua.

Beste behin ere, Hegoik dioena, erleen gaitasun ikusgarria argudiatzen du: “modu batean edo bestean erleek badakite eztiak %18ko hezetasuna noiz duen, eta beraz ez dela hartzituko. Hori dakitenean, eztia argizari hutsarekin estaltzen dute (ukendu eta pomedetan erabiltzen dena adibidez) eta bertan gordeta geratzen da. Argizariz eginiko estaldura txiki horri ‘operkulua’ deritzogu”.

 

Momentu hortatik aurrera eztia batzeko prest dago. Horretarako altzak kentzen dira eta eztia dagoen abaraskak desoperkulatzen dira, hau da, erleek sortutako argizari estaldura kentzen da eztia agerian utziz. Hegoiren ezkoizpen tamaina kontutan izanik, prozesu hau eskuz egiten da, bi ahoko xerradun laban luze bat edota hortz fin eta estuak dituen orrazi moduko batekin. “Behin abaraskak desoperkulaturik daudela, zentrifugatu egiten dira. Antzina eskuz sakatzen ziren”, azaltzen du.

“Eztia zentrifugatu ostean bidoi batera pasatzen da. Pausu hau beharrezkoa da, zentrifugatzerakoan airea sartu eta bitsa sortzen zaiolako. Bidoian astebete egon ostean, bits hori azaleratu eta kendu egiten da”, dio. Behin prest dagoela ontziratzea besterik ez da falta.

Loraldiak eta erlezaintzaren beste gai batzuk

Badirudi, aurrekoa esanda, erlezainaren lana eztia batzera eta saltzera besterik ez dela mugatzen. Uste hori errealitatetik asko urruntzen da: urte osoan zehar erleen osasuna bermatu behar da hori egin ahal izateko. “Gizakiontzat, erlezaintzan, sasoia udazkenean hasten da. Udaberriko loraldia heltzerakoan  erleak egoera bikainean egon behar dute eztialdia ondo aprobetxatzeko, horretarako, indartsu, populazio altuarekin, osasuntsu eta janari askokin sartu behar dira udazkenean, negua ondo igarotzeko”, dio Hegoik.

 

Horretarako, ezinbestekoa da erlauntzak non kokatu jakitea, inguruan eman daitezkeen loraldien arabera aukeratzen dena. “km 1-eko eremuan loraldi oparoak eta eztizkoak egon behar dira, nahiz eta 3km-ko egaldiak egin ahal dituzten. Hilabeteetan zehar loraldiak mailakatuak izatea garrantzitsua da ere, bata eta bestearen artean goseteak ez egoteko”, azaltzen du Hegoik. Gure lurraldean, “akaziak emandako lorea nektar gehien duena da, baina oso ezegonkorra da, euriek eta haizeek erraz akabatzen dutelako”. Erlezaintzan egoera klimatologikoa funtsezkoa da: aurten, sikateak, gure inguruko hiru loraldi garrantzitsu suntsitu ditu, masustena, gaztainondoena eta trebol zuriarenak. Erlezainek, Euskal Herria, “desertu berdea” deitzen diote eztirako loraldiak dituzten landare oso gutxi dauelako, beraz, honelako arazoek bereziki kaltetzen dute. 

 

Erlezainek kontutan eduki beharreko beste puntu bat erleen elikadura da. “Erleak elikatu gabe ezineskoa lirateke eztia egitea”, dio Hegoik, “produktua egiteko populazio nahikoa dagoela ziurtatu behar dugu. Elikatu gabe uzten badituzu, beraien ritmo normalean, populazioa bajatzen doa. Gaur egungo arazo bat da, Barroa eta liztor asiarra sartu zenetik. Inguruko erlezain zaharrek beste egiteko modu bat bizi izan dute”.

Varroosis, liztor asiarra eta neonikotinoideak

Erleek, beste izaki bizidun batzuen moduan, izurriteei, harrapakariei eta gizakien aktibitateei atzikitutako arazoak jasaten dituzte. “Arazo larrienak globalizazioarekin zerikusia dute. Denok liztor asiarra ezagutzen dugu eta inoiz telebistan ikusi dugu baina ez da arazo oso larria Barroarekin konparatuz, erlezaintzako arazorik handiena izanda. Varroa destructor akaroak sortutakoa da, erle kumeak zein nagusiak parasitatzen dituena bere hemolinfarekin bizitzeko, ahultzen edota heriotza eragiten”, azaltzen du.

 

Mundu osoko erlezaintza erasotzen duen gaixotasun bat da eta Espainian 80. hamarkadan sartu zen. “Gaixotasun hau Asiatik dator, non erle mota batzuk egokitu eta biziraun egiten duten honen aurrean, baina ez hemen. Erleak ez dira bizirauteko gai erlezainaren laguntza barik: tratamendurik ematen ez bazaie hil egiten dira. Ez badira aurten hiltzen, datorren urtean hilko dira.  Hain da horrela, non hemen, naturan, Apis melliferen basa-erlauntzik ez dagoen, erlezainengan dago beraien biziraupena”.

 

Gure herrialdeko beste arazoetako bat liztor asiarrarena da. “Erlauntzak negurako prestatzen dabiltzan sasoian erasotzen du eta gainera udaberritik oso garatuta dagoen Barroarekin batzen da. Uda amaieran, erleek negurako baliabideak gordetzen dabiltzatenean, Barrorekin jota daude eta gainera kriston zomorroa dute kanpoan itxaroten. Honek erleak geratu egiten ditu eta ez dituzte beraien eginkizunak normalitatez egiten, barruan dituzten baliabideak arinago kontsumitzera daramana”, dio Hegoik. “Ez bada kontrolatzen, populazioa geroz eta gehiago bajatzen da, ez dena nahikoa negua igarotzeko, beraz, ez dira udaberrira heltzen edo oso txarto heltzen dira”.

 

Hegoik azaltzen duen bezala nikotinoideak dira gizakion aktibitateari atxikitutako arazorik larriena, “nekazaritzan aurkitu daitezkeen izurriteen nerbio-sistema erasotzeko botatzen diren insektizidak oso erasotzaileak dira. Inguruan erlerik badago eragin egingo die”. “Erleek loraldi bat aukeratzen badute %100 bertara joango dira, polinizatzaile oso onak direlako. Adibidez, Sarriako sagarrondoak loratzen badaude, loratik lora pasatuko dira hainbat aldiz amaitu duten arte. Neonikotinoideekin kutsatuta dagoen labore batekin topo egiten badute, beraien burua kaltetuko dute”.

Zein da Durangaldeko egoera?

Hegoik argi eduki zuen lehenengo sektorean geratu nahi zuela, Derioko nekazari eskolan lorezaintza eta basozaintzaren inguruan modulu bat egin ostean. “18 edo 19 urtekin artzai izan nintzen sasoi baten, lorezaintza lanak egin nituen beste batzuen artean eta 22 urtekin Durangaldera etorri nintzen. Nahiz eta denetarik egin dudan lan, nolabait beti lehen sektorean egoteko desira izan dut . Urte askoan zehar lur jota egon naiz lur eremuaren eskuragarritasunaren inguruan bueltak ematen, diruduna izan behar duzulako eta lursailak dituen familia baten oinordekoa hoiek lortzeko, bestela ezineskoa da”, dio Hegoik, inguruko ekoizleen egunerokotasunean errepikatzen den arazoa azpimarratuz. 

 

“Badirudi Durangaldeko landa eremua bahituta dagoela. Baserritar familia batetik ez datorren batentzako ia ezinezkoa da, baserriek eta landa eremuak dituzten prezioekin. Eskuragarri izatea eta horrelako inbertsio bati errentagarritasuna ikustea ez da bat ere erraza. Niretzako, lehenengo sektorea, sektore bakarra da non zu eta zure familiakoak ekonomiko suntsitu behar dituzun soldata bat ateratzeko, jakin gabe inoiz lortuko duzun. Nekazari asko daude 1000€-ko soldatekin 15 urte lan egin ostean… Kalekume bat bazara, bi aukera dituzu: zapuztu eta ez egin edo laguntza ekonomikoen sistema oso arriskutsu baten sartu”. Sentsu honetan erlezaintzak bere alde ona du: “ez da beharrezkoa landa eremu propioak edukitzea, normalean beste batzuena erabiltzen duzu”.

 

Eztiaren komertzializazioari buruz egoera positiboa dela esan genezake. “Eztia bakarrik saltzen da. Genteak eztia nahi du eta bertako produktua saldu egiten da. Eskaera ekoizle txikiek eskeini dezakeguna baino askoz handiagoa da. Durangaldean saltzen den bertako produktua ehuneko oso txikia da, lana egiteke dago. Nekazal eskolan beti berdina entzuten nuen, ‘errezena ekoiztea da, zailena saltzea’. Orain niretzako alderantziz da”, dio. Eztiarena ere, kasu berezia dela azpimarratzen du: “ errazago da, saltzen ez dena etxera bueltan eramaten duzulako. Barazkiak eta beste produktu fresko batzuk saltzen dituztenak zailago dute, horrek bai txapeldunak direla”.

 

Ez dena hain positiboa erakunde publikoek bertako ekoizpenei laguntzeko hartzen duten jarrera da, eta arazo hori errepikatu egiten da ekoizle gehienentzat, haien lan-eremua edozein delarik. Nekazaritza sektoreko laguntzak ULUetan (Urteko Lan Unitatea) eta beste betebehar batzutan oinarritura dago. Erlezaintzaren kasuan, ULU baten 320 erlauntzen kudeaketa sartzen da, ekoizle txikiak zenbaki horretatik guztiz aldenduz. “Norbaitek, nire kasuan bezala, ordu gutxiago lan egin nahi baditu bere lehentasuna familia zaintzea eta bertan egotea delako, zergaitik ez da emankortzat jotzen lanaldi erdi baten ekoizpena? Zergatik izan behar du dena hiper produktiboa?”, zalantzan jartzen du Hegoik.

Dibertsifikatzearen garrantzia

 

“Erlezain gehienek beste lan bat dute edo ekoizpenean jarduten dira buru belarri. Nik dinamika horrekin apurtu nahi dut, bitarteko bat aurkitu”, aitortzen du. Oreka hori dibertsifikazioan oinarrituta dago. Erlauntzek argizaria, polena edota Covid 19tik aurrera geroz eta gehiago kontsumitzen den propolia bezelako produktu interesgarriak eskeintzen ditu eztiaz aparte. “Hemen leku on baten gaude polena edota propolia ekoizteko. Alde hortara gehiago begiratu beharko genuke. Interesgarriena polen freskoa saltzea izango litzateke, baina oraindik kultura gutxi dago horren inguruan”, dio.

 

Produktu hauetatik haratago, Hegoi bertako erle beltzaren genetikaren hobekuntza lantzen dagoen beste merkatu interesgarri batean sartuta dago. “Erleen hibridazioa arazo global bat da. Ziztatzen ez duten erle Italiarrak erabiltzeko joera dago, hemengoak ziztatu egiten dutelako eta hori ez dugulako gustoko. Baina hemen erle landatarra beharrezkoa da, egun baten 30 gradu eta hurrengoa hotz egitea jasaten duena”, azaltzen du. Beste lagun batzuen artean Erbelen kide da, Penintsula Iberikoan osoan aurkitzen den erle beltzaren (Apis mellifera iberiensis) hobekuntzan lan egin duen elkartea. “Orain, tokiko erle beltzaren ezaugarriak hobetzen saiatzen ari gara, errentagarriagoa eta tentagarriagoa izan dadin erle ezberdiñen arteko aukeraketa. Portaera mantsoagoak, emankorragoak eta Barroaren kontra gogorragoak direnen bila gabiltza (batzuk badira, garbitasunerako tendentzia dutelako eta horrek lagundu egiten dielako). Erbelen, portaera desberdiñeko erregin ernalduak banatzen dira eta kide bakoitzat testak (Europan estandarizatuak) egiten ditu, ezaugarriak neurtuz, horrela datorren belaunaldia interesgarrienekin ernalduko da”, azaltzen du.

 

Aldiz, erlauntzetatik kanpo gertatzen den ernalketagatik, zaila da jakitzea non ernalduko diren eta ze erlamandorekin. Hegoik dio arazo honi aurre egiteko, “intseminazio artifiziala egin daiteke, bere mugak dituena, edo erlearen biologia ezagutu, estaltzeko orduan zer ohitura dituzten jakin eta erreprodukzio gehienak zuri interesatzen zaizun ildokoak izateko baldintzak betetzeko. Baina hori zelan egin daiteke? Genetikoki ezagutzen duzun erlamandoekin haran bat betetzen. Erbelen, Ataunen, haran estu eta luze bat dena, badakigu erregin birjinak gora joateko tendentzia dutela, harana zabaltzen den tokirantz, eta ez mendietatik igarotzekoa. Inguruko erlezainekin akordio batera heldu gara guk nahi ditugun portaerak ugaltzeko eta Suizako erakunde batekin egindako akordioarekin, ondorengoak aztertu eta bahetzen dira. Ikusi ahal izan denez, ingurua betez %75en birjin eta erlamandoen elkartaratzea lortu da. Ataunen mapa ikusita esan nuen, ‘Atxondo antzerako da’, zergaitik ez gara saiatzen Arrazolan fekundazio gune bat jartzen? Orain ikusiko dugu antzeko emaitzak lortzen ditugun.  Hori ondo badoa, nire lana dibertsifikatzeko modu bat, kideek testeatzen dituzten erreginak nik hastea izango litzateke”.