Askotan diote Euskal Herria matriarkatuan oinarrituta dagoela. Egia izan edo ez, argi dagoena da nekazaritza munduan emakumeen rola oso garrantzitsua izan dela eta gaur egun landa eremuaren garapenerako izaten jarraitzen duela. Aspaldi, nahiz eta batzutan gustoko genukeena baina denpora gitxiago pasatu den, emakumeek baserriko lanak eta lan komertzialak egiteaz arduratzen ziren, etxea eta familia zaintzen zuten bitartean. Egunerokotasuna eta familia ekonomia oso desberdina izango litzateke beraien presentziaren faltan. Pixkanaka, eguneroko borrokaz, gauzak aldatzen doaz. Emakume nekazarien lanak garrantzitsuak izaten jarraitzen dute, aldiz, ez daude itzalean: geroz eta gehiagok beraien proiektuak kudeatzen dituzte, kontzientzia eta zaintza ardatz duten produktuak sortuz, makro industrien ekoizpen sistemetatik guztiz aldenduz. Oraingoan Durangaldeko Anarekin, Monicarekin, Amaiarekin eta Alaznerekin hitz egiteko aukera izan dugu. Ekoizleak dira eta beraien proiektu eta inguruko ikuspegiari buruz hitz egingo dugu. Gainera, emakumeek kudeatutako beste proiektu interesgarri batzuk ere gomendatzen dizkigute.
Ana: Garai
Ana – Anita ezagunentzat – Garai proiektuaren parte eta sortzailea da, Garai herriko baserri baten kokatuta dagoena. Bertan, Ibonekin batera, bi lan ildo lantzen dituzte: alde batetik, beraien ortuko elikagaiekin kontserbak egiten dituzte eta beste aldetik, garagardo artisaua egiten dute. Ana kontserben arduraduna da: ortua lantzen du – ekologikoan – eta marmeladak, chutney-ak, ozpinak, pureak eta ozpinduak egiten ditu. Bera, ekoizle txikiekin gertatzen den bezala, produktuaren balio katearen zikloaren osotasunean sartuta dago: salmenta, promozio eta hornidura prozesuetan.
Ingurumenarekiko arduragatik sortutako proiektua da: “ingurumena zaintzearekin kaña asko sartu diguten belaunaldia gara, horregatik hemen nago”. “Nahiz eta guk lur aberatsak ditugun, hemen ia ez zela ekoizpenik eta aldi berean elikagaiak nundik datozen konturatzen hasi nintzen” dio, gai honen inguruan modulo bat egin eta landa lana zela gustatzen zitzaiona konturatzean.
Nekazal proiektu ezberdiñak ezagutu ondoren, Ibon ezagutu zuen eta Garaiko proiektua hastea erabaki zuten, bertan lurrak zituztelako. “Lurren eskuragarritasuna arazo oso larria da gure sektorean. Landa eremuen bankuek denpora gutxirako uzten dizkizute edota prezio altuengatik erostea ia ezineskoa da”, dio. Produktu freskoen otzarak egiten egon ondoren kontserba lantegi txiki bat egitea erabaki zuten. “Marmelada eta zukuekin hasi nintzen baina bertako barazkiak urte osoan zehar jateko beharra ikusita pixkanaka beste batzuk sartzen joan naiz. Gaur egungo belaunaldiek holako zeozer behar dute: erreza kontsumitzekoa dena eta aldi berean elikatzen duena”.
Anak, ekoizle moduan, bere egoera berdinean dauden beste emakume batzuekin komunitatea sortzeko espazioak beharrezkoak direla uste du. “Azken finean, landa eremuan, bakoitza bere lanean buru belarri dago. Atsedena hartzeko denbora dugu baina ez gure artean elkartzeko eta solasteko, beharrezkoa izanik alboko baserrietan zer gertatzen den jakitea, gauza asko ikasten baita”, dio. Bilera hauek emakume gazteentzako garrantzitsuak dira, baina aurreko belaunaldientzako baita, azpimarratzen du. Aurten EHNE-k emakume ekoizleak elkartzeko antolatutako topaguneari buruz, hauxe dio: “bere gizonen itzalpean egon diren 80 urteko emakume ekoizleak egon ziren, hori izanez baserritik urtetzeko aitzakia. Agian gu gehiago elkartzen gara baina beraientzako sektoreko norbaitekin gauzak partekatzea garrantzitsua da, askotan arazo berdinak ditugulako eta badakizkigulako zein gogorrak diren”.
Anaren gomendioa: Bizkaigane
Esnekien ekoizpenean oinarritutako proiektua da. Errigoitin (Bizkaia) daude eta 2019ko amaieratik 9 kideko kooperatiba sortu dute (bost gizon eta lau emakume). Euren kideetatik Amets Ladislao azpimarratzen du, “oso ondo hitz egiten du eta egurra ematen du”, dio.
Monica: Patxikobaso
Orain dela hamasei urte, Monicak, Urdaspalekin batera, Patxikobaso sortu zuen. Ortu ekologikoa ardatz moduan hasi zuten Iurretan kokatutako proiektu hau. Gaur egun frutarbolak dituzte eta ogia egiten dute. “Ortua, faktore kontrolaeziñez beteta zegoela konturatu giñen gende askorekin hitz egiterakoan eta formakuntza ezberdiñetan egoterakoan, dibertsifikatzea beharrezkoa zela. Orduan, ogiaren ideia sartu zen”, dio Monicak. “Ogi formakuntzekin hasi nintzen, gustatu egin zitzaidan eta oraintxe ildo honen arduraduna naiz. Urdaspal ortuaz arduratzen da. Urte batzuk atzera, okina eta ortuko laguntzailea nintzen, baina orain dudan ekoizpen kargarekin ezineskoa da”, azaltzen du.
Monica, harro sentitzen da aurrera ateratzen duen lanagatik baina beste gauza batzuen artean gai bati erreferentzia egiten dio: bakardadea. “Lan eta lan gaude egun eta gau, hori da gure errealitatea. Egunerokotasunean murgildu egiten gara eta arazoak izaten ditugu gure inguruko lagun eta ekoizleekin elkartzeko. Denok batera egotea aberasgarria da. Gure arazoak beste ekoizle batzuekin partekatzerakoan pisua galtzen dute, babestuta sentitzen zara eta energia berrizten dozu”, dio. Berriro, ikusi daitekeena da espazio kolektiboen sorrera garrantzitsua dela ekoizleen lan eta bizitza pertsonalean. Are gehiago emakumeen artekoa denean, “beste lotura eta intimitate batzuk sortzen dira”, azaltzen du. Berak uste du, espazio hauek betidanik topatu direla: “Andra zaharrek beraien espazioak zituzten: igandeetako mesara juten zirenean, gero kartetan jolasteko, adibidez. Nahiz eta guk gaur egun espazio gehiago eduki, beraiek ere bazituzten. Edo merkatu plazara juterakoan. Pertsona nagusientzako merkatura joatea beraien sozializazioaren zati oso garrantzitsu bat dela konturatu nahiz”.
Bakardade horren aurrean, ekoizleen etorkizuna, gizon eta emakume, komunitatean izan behar duela uste du Monicak. “Bakarrik ez dugu biderik egingo. Baina komunitatea sortzea asko kostatzen zaigu. Bide luze bat daukagu aurretik, elkar lan egiten, relazionatzen… berrikasi behar dugulako”, azaltzen du. Honen adibide argia Patxikobasoko ortu komunitarioa da, non kolektiboki hamabost familien artean lan egiten dute eta erabakiak hartzen dituzte. Kontsumitzaileengandik ere, elikadura katea eta beraien plateretan jartzen dituzten elikagaien jatorria ezagutzeko esfortzua beharrezkoa dela azpimarratzen du.
Monicaren gomendioa: Eguzki Leire
Amezketan (Gipuzkoa) kokatutako okindegi proiektua. “Leirek, hasieratik errota bat erosi zuen eta bertako barietateak hasten zituzten Arabako zein Nafarroako ekoizleekin harremanetan jartzen hasi zen. Berak erabilitako osagai gehienak Euskal Herrikoak dira. Hasieratik egindako proposamena izan zen, eta holan burutu zuen”, azaltzen du Monicak.
Amaia: Erlia
Arrautza ekologikoen ekoizpenean oinarrituta dagoen proiektu gaztea, 3 urte, da Erlia. Amaia eta Aitorren, bere bikotea, artean kudeatzen dute lan guztia. 250 oilo edukierako bi oilotoki dituzte, non hegaztiak elikatu, lo eta arrautzak jartzen dituzte. “ Gure oiloak ondo zaintzen ditugu, eskeintzen dugun produktua kalitatezkoa eta osasuntsuagoa izango delakoan. Ondo sentiarazten gaitu familia askok gure arrautzak jatea eta jakitea guk eskeinitako produktu on bat jaten daudela”, dio Amaiak. “2019ko urtarrilaren amaieran 250 oilo ekarri genituen. Martxoa eta apirila bitartean, beste 250. Hortik aurrera, bezeroak sortzea izan da lanik gogorrena”, azaltzen du.
Nahiz eta eguneroko lan fisikioak egin, Amaiaren ardura administrazioa eta Erliako ikuspegi estrategikoa garatzea da. Proiektua Abadiñoko Muntsaratz auzoko baserri baten kokatua dago, bere familiaren baserrian, non paraje ikusgarri baten espazio bat egokitu zen aurrera eramateko. “Argi dago, lurrak dituenak altxor bat gordetzen duela. Hauxe lan atsegina da. Oiloak zaintzen badituzu, egunero arrautz bat emango dizute. Nire haurtzaroa eta gaztaroa hemen igaro ditut, hauxe nire etxea da”, dio Amaiak.
Beste behin, Amaiak, beste ekoizle batzuek bezala, komunitatea sortzeko deialdia egiten du: “garrantzitsua ikusten dut inguruan ekoizten dabiltzana ezagutzea, gizona eta emakumea, bakoitzak bere lekua du eta bere lanagatik baloratu behar zaio, ez dakit gaur egun generoa ain garrantzitsua den”.
Amaiaren gomendioa: Sosola
Aizpea eta Enrikek ogi ekologikoa ekoizten dure Eibarren. “Haratago joan dira: landak alokatu dituzte, garia landatzen dute eta beraiek ehotu ere. Gazta ere egiten dute”, azaltzen du.
Alazne: Bejondeizuela
Alazne, bere bikote Jonekin batera, Orozketan kokatutako Bejondeizuela proiektuaren sortzailea da, barazki ekologikoen ekoizpenean oinarrituta. 2012an froga moduan jaiotako proiektua da, urteak pasatu ahala ekoizpena handitu duena: hainbat negutegi martxan, astean zehar otzara asko banatzeko eta beraien barazkiekin egindako pureak ekoizteko lantegi bat martxan jartzear.
EHNE-n urte asko lan eginda, Alaznek bere lana militantzia gisa hartu eta emakumea ekoizpen eredu jasangarriago baten babesle eta bultzatzaile ikusten du. “Guk, baserritar eta ekoizle txikiok egiten dugun lana argitu beharra dago, emakumeok, bizitza erdigunean jartzen dituen proiektuak sortzen ditugu. Gaur egun existizen dena, guk historian zehar mantendutako eredu bat da. Gizonen ereduak eta ikuspegiak nekazaritza industrialago batera eraman gaitu, elikadura negozio gisa ikusten duena eta etekinean pentsatzen duena, torlojuak edo beste edozer ekoiztea balitz bezala. Gure sistema patriarkatuan oinarrituta dago. Ia nork duen esne gehien ematen duen behia, traktore handiena edota zein den idirik indartsuena, hauxe beti ospera lotuta egon da. Emakumea, aldiz, zaintza lanak egin ditu beti”.
Gainera, Alaznek, beste batzuek bezala, oraindik bide luze bat egin beharra dagoela uste du: “modu zehatz baten heziak izan gara eta iraganeko patroiak kopiatzen ditugu. Nahiz eta kapazak izan beste belaunaldi batekoak garela esateko, irakurri, entzun, ikusi ta borrokatu dugulako, egunerokotasunean zaila da inertzia horiei aurka egitea. Malu, Arratiako lagun batek, mamua beti barnean daramagula dio”. Zentzu horretan, berak, emakumeen espazioak sortzeko beharra nabarmentzen du: “garrantzitsua da elkartzea eta egindakoari, egiten dugunari eta egin nahi dugunari balorea emateko”.
Alazneren gomendioa: Landreable Baserria
Malu Egiluz proiektu honen buru da. “Malu Zeanurikoa da, mundutik bidaiatzen egon ondoren abeltzantza munduari heldu nahi ziola erabaki zuen, bere familia bezala. Hobekuntza proiektu baten sartu zen, zatiketa gela txikitxo bat egin zuen eta Arteako plazako benta hartu zuen taberna zein denda bat edukitzeko ideiaz, bertan bere produktuak eta beste batzuena saltzeko asmoz. Gainera, paperak tramitatzen dituzten migratzaileen ostatua mantentzen du tabernako etekinekin”, azaltzen du.
Testua eta argazkiak: Maore Ruiz eta Julia Laich