Skip to main content

Testua eta argazkiak: Maore Ruiz

Denon ahotan dagoen kontzeptua da, askori txikitatik sartu digutena buruan eta askotan erabili izan duguna. Aldiz, errealitatea da ideia oso orokor bat dela, eta gaur egun erabiltzeko joerak aldatu egin direla. Ekologiaren mesedetan hainbat gauza egiten ditugu egunerokotasunean; jan, edan, birziklatu, bidaiatu, etab. Bakoitzak ahal edo nahi duen heinean bere alea jartzen du, nahiz eta askotan automatikoki egitera heldu garen, gure bizimoduaren parte da.

Ekoizpen ekologikoa nekazaritza kudeatzeko eta elikagaiak ekoizteko sistema orokorra da, eta konbinatzen ditu ingurumenaren eta klimaren arloko jardunbide onenak, biodibertsitate-maila handia, baliabide naturalen kontserbazioa eta animalien ongizateari eta ekoizpenari buruzko arau zorrotzak eta prozesu naturaletatik lortutako produktuen eskariari erantzuten diotenak. Horrela, bada, ekoizpen ekologikoak zeregin sozial bikoitza betetzen du: alde batetik, kontsumitzaileek produktu ekologikoen eskaerari erantzuten dion merkatu espezifiko bat edukitzea, eta, bestetik, ingurumena babesteko, animalien ongizatean eta landa-garapenean laguntzen dioten ondasunak ematea jendeari.

Baldintza hauek legedi europarraren barne daude, nahiz eta zenbait lurraldetan tokian tokiko zigilua garatu duten. Adibidez, Ekolurra (Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua) jatorrizko izendapena dugu, irizpide orokorrak betetzeaz gain produktuaren jatorria ziurtatzen duena.

Bereziki, ekoizpen ekologikoaren politikaren helburuak inplizituki txertatuta daude NPB (Nekazaritza Politika Bateratua) helburuetan, ekoizleek ekoizpen ekologikoaren arauak betetzeagatik bidezko ordainsaria jasotzen dutela bermatzen baita. Gainera, kontsumitzaileek gero eta produktu ekologiko gehiago eskatzen dutenez, baldintza egokiak sortzen dira produktu horien merkatua gehiago garatzeko eta hedatzeko, eta, beraz, ekoizpen ekologikoan diharduten ekoizleen diru-sarrerak handitzeko.

Horrez gain, produktu organikoen txikizkako salmentak bikoiztu egin ziren EBn 2015etik 2020ra bitartean. Hazkunde azkar horrek kontsumitzaileen eskariaren hazkundea eta eskariari eusten dioten neurrien arrakasta erakusten du. Aldiz, gaur egungo garapen ekonomikoak, hala nola elikagaien inflazioak, EBko kontsumitzaileen erosteko ahalmenari eragiten diote eta produktu organikoen eskarian eragina izan dezakete.

2020an, EBko nekazaritzako azaleraren % 9,1 modu ekologikoan landu zen; 2030ean % 25era iristeko helburutik oso urrun oraindik (2012an, % 5,9 zen). Espainian ekoitzitako jangarri eta edarien % 2-2,5 ekologikoak dira, 2,2 milioi hektarea izanda horretara bideratzen direnak. Horrek 4. tokian kokatzen du Espainia produktu ekologikoen ekoizleen artean.

Ikus dezakegunez merkatua zein eskaera inplizituki garatzen da ekologiaren mugimenduaren baitan, eta, logikoki, ekoizpenaren gorakadaren zutabe printzipala da.

Kontsumoaren bitartez sistema hobe dezakegula promesten digute, aldaketak eta erantzukizuna gureak dela sinestaraziz. Diotenez, orain arte erosten ibili garena ez da hain ona izan eta ondorioak edo kalteak ekar ditzake gure osasun, lur eta ekosistemarentzako. Hobe da beste produktu hauek erostea. Batez ere, garrantzitsuena, elikagaiak ekoizteko eraren aldaketa ez dela gure onura edo planetarenarengatik egiten konturatzea da, negozio potentziala dagoelako baizik. Bizi dugun kontsumo sistema honek egoera ezberdinetara moldatzeko izugarrizko gaitasuna du, mugimendu kontra sistemikoak guztiz bereganatuz. Esan daiteke, ordenagailu bat bezala, sistema eguneratu egiten dela; memento hauetan ekologikoa da interesa. Gaur egungo belaunaldien beharrak zein lehentasunak aldatu egin dira, produktu gardenak nahi ditugu, ahalik eta jasangarrienak, ingurumenarekiko errespetua mantentzen dutenak, etab.

Alde batetik, XIX. mendeko industrializazioaren gorakadarekin produkzio konbentzionala (gaur egungoa) inposatu zen, eta nekazariei bizi modu berri bat ekarri zien horrek; izurrite gutxi, ekoizpen handiagoak lur eremu txikiago baten, lanerako erraztasunak, etab. Baina zeren truke? Erregai fosilen erabilera intentsiboa, arrantzaren galerak, uraren kutsadura, pestiziden erabileragatik osasun arazoak, etab. Teknifikazio horren garapenak azkenengo mendeko populazio gorakadari egokitzeko produkzio ahalmena eman digu. Gaur egun elikagaiak erosteko erosotasuna eta kantitateak ez lirateke posible izango beste oinarri baten pean. Hori diote, agian txarto ohituta gaude, baina horrela nahiago.

Beste aldetik, zigilu bako ekoizpen ekologikoa betidanik egon da, badira gutxi batzuk beti mantendu izan dutenak lurra lantzeko eta animaliak hezteko modu hori. Sistema horretan sinetsi duten ekoizle txiki horientzat onurak ekartzen ditu moda honek, beraien produktuak merkatuan balioa irabazten duelako, erosleek konfiantza gehiagorekin kontsumitzen baitute. Horrela izanda ere, zigilu honen parte izateko hainbat eskaera bete behar dira, eta batzuetan zailtasunak ekar ditzake horrek. Askotan ematen du ekologikoaren gorakada moda bat besterik ez dela, non dago kontzientzia? Argi dago edozein mugimendu positiboren normalizazioa eta zabalpena gauza ona dela, modu honetan gero eta pertsona gehiago mugimenduaren parte direlako, eta orokorrean onurak ekartzen dituelako. Aldiz, marearen mugimendu naturalean oinarrituta besterik ez dago eta benetan behar dena kontsumo jasangarri eta kontziente bat da. Modu honetan guk ere gure kontzientzia zuritu egiten dugu, planetaren eta animalien alde egiten dugulako.

Askotan interesa gauzei etiketak jartzea da, begirada batez identifikatzeko eta hausnarketak eta gogoetak saihesteko, zuzenean erosteko besterik ez. Suposatzen delako guztiz positiboa den kontzeptu baten inguruan gaudela, baina denak zerbait ezkutatzen du. Egia da ezin daitekeela kontzeptu bakoitza deseraiki, gure ideiei beti fidelak izanez. Bizitza honetan aukeratu egin behar dugu zeren alde borrokatuko garen eta zer utziko dugun alde batera, baina, lehen esan bezala, beti jakinda atzean zer dagoen.

Pare bat adibide aztertzen dira hurrengo puntuetan:

● Malagako ahuakatearen kasua nahiko kezkagarria da. Espainiar estatua txikia izan arren, alde handia dago iparraldetik hegoaldera. Prezipitazioen kasua horietako bat da, ez du euri askorik egiten. Azkenengo hamarkadan ahuakatearen kontsumoaren gorakada ikusita, nekazaritzaren oinarria guztiz aldatzea erabaki zuten eta masiboki fruitu tropikalak landatzen hasi ziren, lehorreko zuhaitzen ekoizpena murriztuz. Zuhaitz berri hauek tenperatura altuak behar dituzte (kondizio hori betetzen da), baina bai eta ur asko ere (ura eskasa da). Ideia bat izateko, horrelako lurraldeetan ahuakate zuhaitz heldu batek eguneko 100 l ur behar ditu. Honek baliabide hidrikoak agortzera dakar, erreketako ekosistemak suntsituz, herritarren ur kontsumoari zuzenean eraginez. Beraz, nahiz eta zigilua eduki, ahuakate hori ekologikoa izan daiteke?

● Almeriako plastikozko itsasoa. Horren existentziaz badakigu, Espainia Europako ortua baita. Agian ez dakiguna da zer gertatzen ari den ekoizpen batzuetan. Afrika iparraldeko emigrante asko daude bertan lanean, gehiengoa paperik gabe eta ustiatuak, kondizio eskasetan bizitzen eta lan baldintza prekarioetan. Errealitatea da baldintza horiek heriotzak eragiten dituztela, urtero pertsonaren bat hiltzen da beroaldietan edo bizi baldintzen ondorioz. Halako baldintzen bizi eta lan egiten duen pertsona batek bildu badu, erositako marrubi hori ekologikoa al da?

Amaitzeko gutxi esan beharra dago. Bertakoa eta sasoikoa kontsumitu, nahiz eta zigilurik ez izan. Zure inguruko ekoizleak ezagutu, merkatu plazara hurbildu, galdetu eta ikasi. Ez izan beldurrik, askotan aurkituko duzun produktua supermerkatuan baina merkeagoa izango da eta. Dena kolokan jarri.