Haztegiaren esperientzia arrakastatsuaren ondoren, non bi gazte sektorean sartzen diren, hurrengo ziklorako hautagai berrien bila dabiltza.
Erakunde eta gizarte-eragile guztiak ahalegintzen ari dira nekazaritza ustiategietan erreleboa bilatzeko. Sektorearen etorkizunari eragiten dion arazo larria da hau, eta horri erantzun nahi dio Haztegiak. Urkiolako Landa Garapeneko Elkarteak bultzatutako programa da hau, Berrizen, Durangaldean, kokatutako nekazaritza-esperimentaziorako gune batean. Dagoeneko lehen esperientzia arrakastatsua du: hiru urteko prestakuntzaren eta laguntzaren ondoren, bi gazte sektorean sartu dira.
Horixe da programaren helburua: finka ekologiko batean, gehienez 3 urtez jarduera testatzeko espazio bat eskaintzea. Laguntza integralarekin eta lege- eta lan-babesarekin, nekazaritza-sektorean pertsona berriak sar daitezen erraztuz.
2026-2029 zikloan laguntza hau jasotzen duten bi pertsonek ekoizpen ekologikoaren bitartez produktuak ekoizteko lurrak eta azpiegiturak izango dituzte eskura. Sektoreko profesionalen tutoretzapean egingo dute lan hori, eta etengabeko aholkularitza izango dute. Era berean, beren produktuak merkaturatzeko behar duten lege eta zerga babesa izango dute, bai eta praktikan jarri nahi duten proiektuari babes ekonomikoa emateko lan kontratu bat ere.
Ekintzaile horiek hautatzeko, honako hauek baloratuko dira nagusiki:
· Baratze ekologikoan edo nekazaritzan esperientzia izatea.
· Enpresa-plan bat idatzita izatea, Haztegian testa egin bitartean praktikan
jarri nahi den proiektua adierazteko.
· Talde-lanerako eta talde-proiektuetarako gaitasuna.
· Eskualdean bizitzea.
· 35 urte baino gutxiago izatea.
· Emakume izatea.
· Bi hizkuntza ofizialak ezagutzea.
Informazio gehiago eskura duzu
https://durangaldeaelikadura.eus/haztegia-galdetegia/ helbidean.
Bertan egin dezakezu eskabidea ere, edo Urkiola LGArekin harremanetan jarri:
urkiola@landagarapena.eus · 946 203 611
Bidali eskaera azaroaren 7a baino lehen.
Animatu eta landu etorkizuna nekazaritza sektorean.

