Skip to main content

Gema Agirre, Otzein Baserriko (Abadiño) ekoizlea, txikia zenean, bere amarekin saltzera joaten zen Durangoko merkatu plazara. Astearte, ostegun eta larunbatetan joaten ziren; zakuak lurrean jartzen zituzten, beraien produktua bertan jarri eta produktu freskoen bila zetorren bezeroari saltzen zioten.

1970eko hamarkada zen. Garaiak aldatu egin dira. Azokak ez dira behin izandakoak, begi bistan da, eta ez dute zertan izan behar. Azokari bizitza ematen zieten bezeroen belaunaldiak desagertzen joan dira, ordezkoak murritzak dira. Kontsumitzaile gazteok jaten eta sukaldatzen dugunarekin deskonektatuak hezi gara eta merkatuek nabaritzen dute, ahuldu egiten dira. Ez da gure errua, denona da eta aldi berean iñorena.

Azokak, ekonomia, landa eremuko eta gertuko garapena, jasangarritasuna, herriko osasuna zein kultura gastronomikoa sustatzeko espazio aproposak  dira. Nahiz eta newsletter honetan gai guzti hauetan murgiltzea ez den posible -horretarako ehunka orri beharko genituzke- gure helburua inguruko ekoizleen ikuspuntuak ezagutaraztea eta gu kontsumitsaile modura gogoetara bultzatzea da. Berandu da, baina garaiz: oraindik plaza eta merkatuei bizitza buelta diezaiekegu.

Zergatik azokak bizirauteko apustua egin?

“Azokak garrantzitsuak die ekoizlientzako, txikientzat bereziki, gure produktuak zuzenien bezeroari eskeintzeko aukera emoten dabelako”, dio Urdaspal Alberdi-k, Patxikobaso Baserriko (Iurreta) ekoizleak. Hortxe dago, hain zuzen ere, ekoizlearen eta kontsumitzailearen arteko harreman zuzena, beste guztiaren oinarri izanda. Alderdi nagusietako bat, eta agian nabarmenena, ekonomikoa da. “Azokan, bitartekaririk ez egoterakoan, prezio hobe batean saltzen dogu gure produktua”, gehitzen du Urdaspalek. Ekoizle eta bezeroaren artean sortzen den harreman ekonomikoa askoz duinagoa eta jasangarriagoa da, landa eremua eta ingurumenaren garapena babestuz.

Sustatu eta babestu beharreko beste eragile interesgarri batzuk ere badaude. Fernando Lejarza Egurenek, Pulla Baserriko (Elorrio) ekoizleak, bezeroek egunekoa eta freskoa den produktua erosteko aukera nabarmentzen du. Honek elikagaien zaporean, erabileran eta iraunkortasunean eragiten du zuzenean, “ortutik etxera” esaldiaria zentzua emanez.

Beste gauza batzuen artean, elikagaien sasoiak ere, hauen zapore faltan eragiten dute. Antzina, pentsaezina zen meloia neguan jatea edota aza udan jatea, aldiz, gaur egun ohituta gaude produktu ezberdinen zerrenda zabal bat eskuragarri izatera. Egin dugun akatsik handiena hauxe normaltzat hartzea da. “Uste dugu nekazari ekoizleon presentziak egungo jendarte eredu frenetikoarekin haustura moduko bat egiten duela”, dio Illart Bazeta Agirrek, Otzein Baserriko (Abadiño) ekoizleak. “Landareen erritmora egiten dugu lan, sasoi bakoitzean ekoitzi daitekeenaren arabera. Esaterako, neguan ez dago tomaterik Euskal Herriko ortuetan, eta jendarte moduan ikasi beharra daukagu hori onartzen”, gehitzen du.

Azokak kultura dira baita ere. Ibarra Baserriko (Zornotza) Jon Bastantek dioen moduan, “herri modura gure kultura zabaltzeko era bat da, Gernikako piperra, Zallako kipula edota arbigara bezalako produktuak mantentzen laguntzen dituelako. Produktu berriak ekartzea bebai (koloretako zerba, uraza desberdiñak, mezclum-ak, Asiako azak, etab.), herrialdeko kultura gastronomikoa garatzen lagun ditzake”.

Merkatuak, azaldutakoaz aparte, haratago doaz, beraz hainbat galdera egin behar ditugu. Zer egin dezakegu bezeroek azokak bizirik mantentzeko? Gure kontsumitzeko era aldatu beharra daukagu? Zer eska diezaiekegu erakundeei? Zer behar dute ekoizleek? Azokak garai berrietara egokitu behar al dira? Nola egin dezakete? Eztabaida zabalik dago.

DURANGALDEKO MERKATU PLAZAK – ORDUTEGIAK ETA LEKUA

Matiena: asteazkena 09:00tik 13:00ak arte, Perulanda kalean.

Durango: Merkatu Plaza, larunbatetan 09:00tik 13:00ak arte Azoka kalean eta Abastos azoka aste bitartean 08:30tik 13:30ak arte eta 17:00tik 20:00ak arte, eta larunbatetan 08:00tik 14:00ak arte.

Elorrio: ostirala 08:00tik 13:00ak arte, Elorrio aparkalekuan.

Zornotza: igandea 08:00tik 11:30ak arte, Ixer aparkalekuan.

Iurreta: hileko lehenengo eta hirugarren osteguna 09:00tik 13:00ak arte, Aita San Migel plaza.

Testua eta argazkiak: Maore Ruiz eta Julia Laich