Hemendik aurrera, astearteak, 17:00etatik 20:00etara, azoka egunak izango dira Amorebieta-Etxanon. Lehen azokaren ostean, ekoizleak eta bezeroak pozik agertu dira produktuen aniztasuna eta kalitateagatik, kokapenagatik eta gertutasunagatik.
“Ibarra Baserriko” Jon Bastanteren ortuariak, Etxanoko “Errotik Gaztaie” Kepa Agirregoikoaren behi gazta eta yogurth ekologikoak eta “Amorebieta-Etxanoko Iraunkor Elkarteak” merkaturatzen dituen produktuez gain, Durangaldetik atera gabe, Elorrioko “Orbe Goikoa” baserriko ogia eta gozoak egon ziren salgai. Baita Bizkaiko ardi gazta, txorizoa, eta askotariko txerrikiak, gildak edo berakatz baltz ekologikoekin batera.
“GLM – Gure Lurreko Merkatua, izen eta abizenak dituen merkatua” markaren leloa da eta horren bitartez irudikatu nahi izan da merkatuaren izaera, ekoizle eta hirietako biztanleen arteko topagune gisa. Elkartzeko gune bat da, landa-ingurunearen nortasun-ezaugarriak zainduz.
Lehenengo esperientzia honekin, Amorebieta-Etxanoko Gure Lurreko Merkatuaren eskeintza sendotu egiten da, bertoko produktu osasuntsuak kontsumitzeaz gain, gure lurraren alde eta bertan lan egiten dutenen alde aurrera pauso bat emateko.


